XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deitzen zuten Ziburuko Andere ederra.

Bainan izen hori emaiten ziotenen baitan hori etziteken laudoriotzat har.

Eta bere apaindura miresgarrien artetik irriño bat egiten zion andereari Janetak so egin.

Aurpegia jeinu handiz pintatua zuen eta horrek haurra xoratzen.

Hara nun andereak Janetari erran zion: Xauri, ene muñu eta etzaxula beldurrik ukan, pollita xira begiratzeko eta ongia dautxut egin nahi.

Zer izen duxu? - Janeta Abadiakoa.

- Aa, Janeta! Zer lepo pollita, zer begi pollitak! eta aho ttiki honek mahain gaineko gauza goxoak maite lituzke.

Eskuan, liburu baten gisan, atxikitzen zuen oñoñ untzi bat ideki eta, biribilkaturik, erhi pototsa edoskitzen ari zen haur herabetuari goxokiak eskaini zizkion.

Janetak, azukrez kukutu fruitu bat hartu eta, bere lagunak juntatu nahi izan zituen.

Bainan hauk, beraz griñatu gabe desagertuak, eta neskatxa, galdua senditzen zela, nigar hipaka hasi.

Hola, hola! Ongi duxu, zion damak, ez kexa ene muñu, xure gurasoen etxera eremanen xaitut.

Orduan, Janetak bere eskua Ziburuko andere ederrarenean eman eta, jestu hortaz urgulu handi bat izan zuen.

Arrunt laketua zen, eta bere babesleak jestu hasarretu handi batez, etxeko bati bezala begiratzen ari zion apo andana bat haizatu zuelarik, Janetak alaiki txalotu zuen.

Urrunago, Ziburuko itsu ttipia larrean atabala jotzen ari kurutzatu zuten.

Dama agurtu eta desagertu zen, eta hori Janetak miretsi.

Uste izan zuen bere adineko haur batzu ikusi zituela, ziri xuri batzu eskuan apoak ardiak bezala ibiltzen.

Bainan begiak loheriaz hesten zitzaizkiola, detaile hori ahatzi zuen.

Gauza asko bidean ikusi zuen, edo ikusi zuela uste izan zuen, ongi esplikatzen etzituenak, eta bereziki, zuhaitz hil baten enborraren sahetsean, emazte ttipi biluzi bat.

Erhiarekin erakutsi nahi izan zuen, bainan emaztea desagertu bai ta enborra ere.

Urrun, azkenean, Janeta Abadiakoak bere egoitza ezagutu zuen.

Eskertzen zaitut, Madama, erran zion jendetasunekin.

- Aa, ene muñu, maite xaitut eta ongia dautxut egin nahi.

Asteazkenetik ostegunerako gauean, xure bila jinen nauxu xure oheñora eta erakutsiko dautxut herri bat zointan erregina izanen baitxira.

Erregina bat bezala jauntzia izanen xira.

- Aa! egin zuen Janeta Abadiakoak.

Eta, Lapurdiko beste haur batzu bezala, Janeta Abadiakoa Akelarrera eremana izan zen.

Ikusi zuen han, Jaun Haundia, betazalean seinale batekin markatu zuena eta Ziburuko andere ederra, jauntziak kendurik, bere sahetsean eseri zena.

Ongi ezagutzen zuen Ziburuko itsu gaztea, beltz handia eta errienta eta bere gurasoen auzo batzu ikusi zituen.

Beste haur zoinbaitekin balusez beztitu apo batzu pentzera ereman.

Manatzen zituen. Errebeskeria apal batekin, jauzi eginez, obeditzen zioten.

Bizkitartean, Janetaren amak ez zuen deus susmatzen, haurra artatzen zuen, eta elizara zoalarik, Ziburuko andere ederra laidostatzen.

Egun batez, berriki jeikia zen haurra etxeko atean jalitzen ari zelarik, begiak torraka, elizaren aintzinean plaza jendez betea ikusi zuen.

Zaldun batzuek herritarrak zaintzen; beltzez jauntzi gizonak, apezak, harat eta honat zoatzin.

Taldearen erdian, arropa gorri handi baten hegiak marta xurizkoak zituen gizon eder bati ohartu zen.

Bizar puntadun bat zerabilan eta neskak atseginekin behatzen zituen.

Soldadoen erdian, egoiteko molde pleinutsu eta etsituekin, dotzena bat emazte, eta haien artean Janetak bere babesle ederra ezagutu.

Ziburuko andere ederra bakarra zen irriño batekin, bere esku luzeekin jostatzen ari zela.

Gizon harmatu batzu orduan Janeta Abadiakoari buruz abiatu ziren eta, oihu garrazika putarka ari izanagatik, emazte presoen erdia ekarri, han bere ama ezagutu zuela.

Ziburuko Akelarrean konsakratu haurretarik bat da, zion gizon arropa gorridunak.

- Errea izanen da, erran zuen apez batek.

- Hurbilazue, hurbilago nitarik, zion oraino gizon arropa gorridunak.

Soldadoek haurra pusatu zuten. Eta juje haundiak, besoetan hartuz panpiña bat bezala, zalapartaka ari izana gatik, zaia altxatuak belaun biluziak agertzen zituela, galde egin zion: Akelarrean izan zara, haurra, Jainkoaren arnegatzera biltzar madarikatu hortara ereman zaituenaren izena deplauki erran diezadazun gomendatzen zaitut.

Aitortzen ez baduzu, sorgin bezala eliza hunen aintzinean errea izanen zara.

Orduan, Abadiako Janetak, bere ingurura behatu zuen.

Ikusi zituen irriño bat egiten ari zitzaion Ziburuko andere ederra eta bere ama, beldurra eta sumindura isladatzen zituen arpegiarekin.

Bere erhi handiurrena aintzinera bota zuen eta erran, bere ama izendatuz: Hark.

Ziburuko andere ederra.